Euskarazko jokoak sarean

EUSKARAZKO JOKOAK SAREAN

Hemen dituzue sarean topatu daitezkeen euskarazko jokorik interesgarrienak. Egin klik joko bakoitzaren izenean haren webgunera jotzeko.

Egunean Behin

Online euskal jokorik arrakastatsuena, 2019an sortu zutenetik 220.000 pertsonak baino gehiagok jokatu dute. Izenak dioen bezala, egunean behin jokatu daiteke, eta hamar galdera egingo zaizkio erabiltzaileari. Askotarikoak dira: geografia, pertsonaia ospetsuak, segida logikoak, gramatika… Asteko eta denboraldiko jokalaririk onenentzako sariak izan ohi dira, baita zozketa bidez. Animatu eta probatu, egunean minutu bat besterik ez duzu behar! Android eta iOS sistema eragileentzako jokoa.

Wordle euskaraz

Joko aski ezaguna mundu mailan, euskarazko bertsioa ere badu. Egunean behin jokatu daiteke, eta helburua bost hizkiko hitz ezkutua topatzea da. Erabilitako hizkiak zure hitzean dauden ala ez adieraziko dizu jokoak kolore kode baten bidez. Zeure lexikoa lantzeko joko erraz eta dibertigarria, harrapatu egingo zaitu!

Berbaxerka

The New York Times egunkariaren ‘Spelling Bee’ jokoaren euskal bertsioa: zazpi letra dauzkazu, ahal dituzun hitz guztiak sortzeko. Erdian dagoena behin erabili behar duzu gutxienez hitz guztietan; besteak, nahi bezala. Partida (eta letra konbinazioa) egunero aldatzen da. Hiztegia lantzeko zein hitz berriak ezagutzeko joko aparta; izan ere, aurreko eguneko erantzunak ikus ditzakezu, eta hitzetan klik eginez gero, Euskaltzaindiaren Hiztegiko definiziora joko duzu.

Kantok

Joko honetan ere egunero aldatzen da partida, baina musika du hizpide. Euskal kanta bateko lehenengo segundoak entzungo dituzu, eta abestia asmatzen saiatu beharko zara. Ezin? Segundo gehiago emango dizkizu jokoak, asmatu edo aukera guztiak xahutu arte. Zeure melomano gaitasunak erakusteko edo ezagutzen ez zenuen musika berria ezagutzeko aukera izango duzu egunero.

Tagzania

Egunean Behin jokoaren egileen eskutik datorren geografia jokoa, Geoguessr jokoaren euskal bertsioa. Google Street View aplikazioaren barruan jarriko zaitu aplikazioak, eta bi minutu izango dituzu mapan kokatzeko. Egunero partida bat, bi zatitan banatuta: lehenengoa, Euskal Herrian bertan; eta bigarrena, mundu zabalean.

worldlEH

Tagzaniak geografia joko gosez uzten bazaitu, worldlEH ere baduzu eskura. Wordle jokoaren antzekoa, baina Euskal Herriko udalerri bat hizpide egunero. Jokoak udalerriaren silueta emango dizu. Saiatu asmatzen zein den, eta ez baduzu lortzen, esango dizu zuk aukeratutakoarengandik zein urrun dagoen eta zein norabidetan, horrela apurka-apurka topatu arte.