GUREKIN LANEAN
ikagasteizen, 33 urteko esperientzia dugu helduak euskalduntzen, bai Gasteizen ditugun euskaltegietan, bai EAEko administrazioetan (Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Ertzaintza…), baita hainbat enpresatan ere (El Corte Inglés, Mutualia…).
Geure sorreratik bertatik goiburu bat ezarri genion geure buruari: Ikas eta Ari. Bi hitz horiek biltzen dute gure irakaskuntzaren izaera eta funtsa: euskaraz aritzeko ikasi, eta euskaraz arituz ikasi. Eta hala nabarmentzen da gure hautu metodologikoan eta praktika osoan, zeren goiburu hori praktikan jartzen ahalegindu gara jorratu dugun esparru guztietan, baita lan munduan ere. Lan munduari, gainera, bereziki egokitzen zaizkio gure metodoa eta gure helburua: erabiliz ikasi eta erabiltzeko ikasi, hau da, ezagutza erabilerari estuki lotzea.
EUSKARA PLANAK ETA AHOLKULARITZA
Ikagasteiz aritua da Euskara Planak egiten eta horien inplementazioaren jarraipenean laguntzen; lehentasunezko helburuak eta eragin eremuak identifikatzen laguntzen dugu, plana diseinatzeko eta inplementatzeko.
Diseinatzeko, oso talde gaitua dugu; planak diseinatzen, inplementatzen eta jarraipena egiten jarduteaz gain, ebaluatzaile lanetan aritzen gara euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen duen BIKAIN ziurtagiri ofiziala lortzeko ebaluazioetan.
Inplementazioari dagokionez, berriz, zerbitzu integrala eskaintzen dugu, inplementazioaz eta jarraipenaz gain, trebakuntza-zerbitzua zein euskalduntze egokitua barnebil litzakeena.
TREBAKUNTZA
Trebakuntza lan-giroan zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza euskara izaten laguntzeko prestakuntza da. Maila bateko langileak izan behar dira, eta helburu nagusia da euskaraz lan egitea edota zerbitzua euskaraz eskaini ahal izatea. Horretarako, trebakuntza ere bakarkakoa edo taldekakoa izan daiteke, baina ohikoena taldekakoa izatea da. Maila bereko langileak elkartu ahal dira, edo eginkizun berekoak edo prozesu berean parte hartzen dutenak. Helburu zehatzak eta lorgarriak jarriko dira (eginkizun zehatzak euskaraz egitea), eta eginkizun hori euskaraz gauzatze aldera bideratuko da trebakuntza.
Erakunde eta enpresen beharren arabera, modu askotan planteatutako trebakuntza-ereduak eskaintzen ditugu; baina, oro har, langileek bi motatako saioak jasotzen dituzte: batetik, taldekako formakuntza; eta bestetik, banakakoa. Taldekakoan talde osoaren beharrak hartuko dira kontuan, eta banakakoan pertsona bakoitzaren beharrak bere lana euskaraz egin ahal dezan.